Alfabetatze mediatiko eta informazionaleko proiektu europarra

QYourself (2023-1-ES01-KA220-ADU-000153626) egitasmoa da hedabideen eta informazioaren munduari loturiko alfabetatze proiektu bat, helburutzat duena kazetaritzako oinarrizko tresnak eta ezagutzak ematea hainbat hezkuntza etapatan diharduten irakasleei, desinformazioaren aurka borrokatzeko. Gure hezkuntza baliabideak elkarlanean sortu dituzte hezitzaileek, unibertsitate ikertzaileek eta gertaera egiaztatzaileek, irakasleek kazetaritza teknikak aplika ditzaten erraz beren klaseetan.

Proiektua oinarritzen da bi informazio arloren arteko aliantza estrategikoan, desinformazioaren desafioari aurre egiteko funtsezkoak eta osagarriak diren bi arlo: alde batetik, Kazetaritza, desinformazioari aurre egiteko balio dezaketen nozio teoriko eta praktikoak proposatzen dituena; bestetik, Hezkuntza, ezagutza hori ikasgeletan inplementatzeaz arduratzen dena.

Edukiak aukeratu aurretik, berrikusi eta egokitu egin da Kazetaritzako Graduaren prestakuntza. Material horiei esker, irakasleek gogoeta egin ahal izango dute, ikasleekin batera, egunero jasotzen dugun informazioa egiaztatzeko, informazio iturri fidagarriak identifikatzeko eta informazioa eta iritzia bereizteko beharraren inguruan. Den-denak beharrezko trebetasunak, sare sozialek eta telefono bidezko mezularitza aplikazioek informazioa pertsonengana iristeko modua goitik behera aldatu dutenean, eta egungo informazio eztandak egiazko edukiak bereiztea zailtzen duenean.

Beraz, QYourself baliagarria izango da ikasgelan hedabideei buruzko gogoeta bultzatu nahi duten irakasle guztientzat, ikasleak gai izan daitezen modu kritikoagoan eta arduratsuagoan ulertzeko eta erabiltzeko egunero jasotzen duten informazioa.